Gobierno Vasco

Guraso elkartea

Arantzazuko Ama Ikastolako Guraso Elkartearen helburua da gure seme-alaben hezkuntza proiektuan parte hartzea eta, besteak beste hezkuntza proiektu hori indartzea, osatzea eta baliabideak eskaintzea.

 

Hori dela eta, Guraso Elkarteko kideek (ikastolan dabiltzan haurren gurasoek) diru ekarpenak egiten dituzte hilero, Guraso Elkarteak antolatzen eta diruz ordaintzen dituen egitasmo eta zerbitzuak finantzatzeko. Honako kontzeptu edo kuotak daude indarrean:

 

§  Kuota orokorra, haur bakoitzeko15,00 euro hileko

§  Lehen Hezkuntzako Eskolaz kanpoko jardueren kuotak: jarduera bakoitzeko hileko 10,00 edo 15,00 euro, jardueraren arabera.

 

Finantzatzen edo kudeatzen diren zerbitzu eta jarduerak

 

Kuota horiekin zerbitzu hauek kudeatzen edo finantzatzen dira, zerbitzuaren arabera, zati bat edo osorik:

 

§  Eskola orduetako material osagarriak

§  Egitasmo bereziak (ingelesa...)

§  Egun bateko eta hainbat eguneko irteerak

§  Igeriketa ikastaroak

§  Eskolaz kanpoko jarduerak eta materialak

§  Santo Tomaseko eta ikasturte amaierako jaiak

§  Guraso Elkarteko koordinatzailea

§  Guraso Elkarteko kudeaketa-gastuak

 

Azken urteotan hainbat erabaki hartu ditu Guraso Elkarteak kuoten eta horiek ordaintzeko moduari buruz. Alabaina, sarri zalantza ugari sortzen dira.  Horrenbestez, Guraso Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak araudi hau onartu du, kuoten ordainketak, ez ordaintzea eta antzekoak arautzeko.

 

 

 

GURASO ELKARTEKO KUOTEN ETA ORDAINKETEN ARAUDIA

 

1.      Helburua

 

Araudi honen helburua da Arantzazuko Ama Ikastolako Guraso Elkarteko bazkideen kuotak eta ordainketak ezarri eta arautzea.

 

2.      Kuotak ordaintzeko betebeharra

 

Guraso Elkarteko kideek kuota orokorra ordaintzeko betebeharra dute:

 

§  Kuota orokorra: 15,00 euro hileko eta seme-alaba bakoitzeko

 

Ondorengo zerbitzuetan parte hartu nahi izanez gero, kuota orokorraz gain, honako kuota hauek ere ordaintzeko betebeharra izango dute:

 

§  Lehen Hezkuntzako Eskolaz kanpoko jardueren kuota: jardueraren arabera, 10,00 euro edo 15,00 euro hileko eta jarduera bakoitzeko. Lehen hilabetean (urrian) baja ematen dutenen kasuan izan ezik, gainontzeko bajen kasuan hiruhilekoa osorik ordaindu beharko da.

 

3.      Kuotak berrikustea

 

Guraso Elkarteko Zuzendaritza Batzordeari dagokio Guraso Elkarteko kuoten kopurua aldatzea eta egokitzea.

 

4.      Nola ordaindu

 

Kuotak helbideratuta kobratuko dira, hurrengo hilaren hasieran. Orotara 10 kuota ordainduko dira, irailetik, ekainera.

 

5.      Itzulketak

 

Banketxeak helbideratutako kuota bat itzultzen badu eta ordaindu gabe geratzen bada, Guraso Elkarteko koordinatzailea guraso horiekin harremanetan jarriko da telefonoz, kuota itzuli egin dela adierazi eta ordainketa lehenbailehen egiteko eskatzeko.

 

Kuota itzulketa bat dagoen bakoitzeko 1€ gehiago ordaindu beharko da ikasleko, itzulketa honek sortzen dituen gastuak direla eta.

 

6.      Kuotak ez ordaintzea

 

Kuoten ordainketa hiruhilekoaren amaieran (abendua amaieran, Aste Santuan edo ekaina amaieran) eguneratuta ez baldin badago, guraso horiei idatziz jakinaraziko zaie hilabeteko epea dutela ordainketak egiteko.

 

Horrela egiten ez badute, Guraso Elkarteko bazkide izateari utzi egingo diote eta ezingo dituzte erabili Guraso Elkarteak kudeatzen edo finantzatzen dituen zerbitzu eta egitasmoak:

 

§  Ezingo dute eskolaz kanpoko ekintzarik egin

§  Ezingo dute haur danborradan parte hartu

§  Irteeren (egun bateko nahiz hainbat egunekoak), igeriketa ikastaroen, ingeles materialaren eta antzekoen kostuaren &percent;100 ordaindu beharko dute.

 

7.      Kuotak ez ordaintzeko salbuespenak

 

Gure artean badira, krisialdiaren edo bestelako gertakarien ondorioz, Guraso Elkarteko kuotak (handiak ez izan arren) ordaindu ezin dituzten familiak, estuasun ekonomikoak dituztelako.

 

Elkartasunean oinarrituta, Guraso Elkarteak begi onez ikusten du egoera horretan dauden familien kuotak Guraso Elkarteak (beste gurasoen kuoten bidez) ordaintzea.

 

Honako arau hauek jarraituko dira familia bat kuotak ordaintzetik salbuesteko:

 

1.         Egoera horretan dagoen familiak eskaera egin behar dio Guraso Elkarteari. Eskaera egingo da ikasturtearen hasieran, idatziz, irailaren 15etik urriaren 15era. Eskaera egin beharko da urtero. Araudi honi erantsita dago eskabidea egiteko eredua.

 

2.         Tokian toki honakoak izango dira aurkeztu beharrekoak:

  1.  
    1. Martuteneko familiek: Salbuespen eskaeraz gain,  gizarte laguntzaileen edo diru laguntzaren bat jasotzen dutenaren ziurtagiria, familia horrek estutasun ekonomiko nabarmenak dituela eta Guraso Elkarteko kuota ordaintzeko zailtasunak dituela adierazten duena.

 

3.         Eskolaz kanpoko ekintzei dagokienez, kuotak ordaintzetik salbuetsita geratzen direnek ekintza bat doan egin ahal izango dute. Bi ekintza egitekotan, biak ordaindu beharko dituzte.

 

4.         Kuotak ez ordaintzeko eskaerak Guraso Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak aztertu eta erabakiko ditu.

 

8.      Bekak

 

Salbuespen eskaera eginda duten familiek Hezkuntzatik jasotzen dituzten diru laguntzak (materialerako bekak etab.) Guraso Elkartera bideratuko dituzte, bertan sortzen diren gastuak konpentsatzeko asmoz, diru laguntza honen kantitatea edozein izanik ere.

 

 

9.      Guraso Elkartean sartzea

 

Guraso elkartetik kanpo egon den ikasle batek guraso elkartean sartu nahiko balu aurreko ikasturte osoari dagokiona ordaindu beharko luke, hau da 150€.

 

 

10.  Datuen tratamendua

 

Guraso Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak ordainketa, itzulketa eta salbuespen eskarien inguruko datu pertsonalak konfidentzialtasun osoz erabiliko ditu.

 

 

 

ARANTZAZUKO AMA IKASTOLA

GURASO ELKARTEKO ZUZENDARITZA BATZORDEA


 

 

© Arantzazuko Ama Ikastola
Telefonoa: 943470235 | Telefonoa: 943457754 | Fax: 943458854 | 013520aa@hezkuntza.net 012360aa@hezkuntza.net